En Vivo jaialdiaren edizio arrakastatsuak Iruñeko Ziudadelako etapa berria sendotu du

8.000 lagun baino gehiago bildu dira bi egunetan Nafarroako hiriburuaren bihotzean ETS, Nil Moliner, La M.O.D.A. eta Sidonie taldeen kontzertuez gozatzeko 

Gaur amaitu da En Vivo jaialdiaren ibilbidean aurrerapauso bat markatu duen edizioa, etapa berrirako kokalekutzat Iruñeko Ziudadela finkatuta, hiriaren erdi-erdian zuzeneko musikaz gozatzeko gune ezin hobea baita. Bi egunez, milaka lagun bildu dira askotariko programazioaz gozatzera; izan ere, Estatuko musikari garrantzitsuenetako batzuekin batera, musikari berriak eta tokiko talentua ere igo baitira agertoki gainera. Aurtengo edizioak, gainera, Ekitaldi Publiko Jasangarriaren bereizgarria jaso du, lurraldearekin konektatuago dagoen kultura-eredu arduratsuago eta inklusiboagoa lortzeko konpromisoa duen jaialdia dela argi utzita. Jarraian, En Vivoren edizio hau eta Ziudadelan izan duen sendotzea definitu dituzten hamar mugarri errepasatuko ditugu. 

1. ETS, itzulera arrakastatsua Euskal Herrira

En Vivo jaialdia biribildu zuen kontzertu nagusia ETS (En Tol Sarmiento) taldeak eman zuen, Estatuan barrena egin duten bira arrakastatsuaren ondotik Euskal Herrian egin duten lehen kontzertua izanik Ziudadelakoa. Arabako taldeak edizio honetako unerik jendetsuenetako eta berezienetako bat bihurtu zuen jaialdiaren amaiera, belaunaldiarteko fenomeno peto-petoa direla berretsita. 

2. La M.O.D.A., ospakizun kolektiboa ostirala amaitzeko

Lehenengo eguneko une gorena La M.O.D.A. taldearen emanaldia izan zen, kontzertu bakoitza esperientzia partekatu bihurtzeko gaitasuna dutela erakutsi baitzuten berriro. Burgosekoen errepertorioa oso-osorik abestu zuen publikoak, emozioz eta energiaz beterik hasieratik bukaerara, eta ikus-entzuleekiko konexio itzelarekin eman zioten amaiera ostiralari. 

3. Nil Moliner, larunbateko erakargarri handienetako bat

Nil Moliner izan zen larunbatean publikoak gehien espero zuen artistetako bat eta, zuzeneko argi eta hurbila eskainita, argi utzi zuen zergatik den Estatuko pop abeslari handienetako bat. Abesti ezagunak jo, publikoarekin sekulako konplizitatea sortu, eta energia konstantea transmititzen zuen emanaldiarekin eguneko unerik zirraragarrienetako bat eskaini zuen. 

4. León Benavente eta Sidonie, bi erreferente lehen egun distiratsu baterako

León Benaventeren intentsitatea eta Sidonieren pop unibertsoa izan ziren ostiraleko pultsu artistikoa hein handi batean markatu zutenak. Bi zuzeneko desberdin baina osagarri, En Vivo jaialdiko kartelaren aniztasunaren adierazle, Estatuko panoramako izen garrantzitsuenekin osatutako lehen egunean. 

5. Euskal eta nafar talentuaren aldeko apustu irmoa

Lurraldearekin lotutako artistek leku nabarmena izan zuten, berriro ere, programazioan. Janus Lester, Süne, Jumelage, Mon Dvy, Sara Goxua edo ETS musikariek nortasun propioa ekarri zioten euskal eta nafar eszenaren aldeko konpromisoa berretsi duen jaialdiari. 

6. Ziudadela, En Vivo jaialdiaren agertoki

Inolako zalantzarik gabe, Ziudadela kokaleku ezin hobea da jaialdiaren etapa berri honetarako. Iruñeko erdi-erdian kokatutako eremu zabala izateaz gain, ondare-balioak areagotu egiten du esperientzia eroso, irisgarri eta bereziaren bizipena, kultur topagune izanik asteburu osoan. 

7. BALORE, zaintzarako eta bizikidetzarako gunea

Jaialdiak bere gain hartuak dituen konpromiso sozialaren eta ingurumen-konpromisoaren adierazgarri izan da, aurten ere, BALORE gunea, berdintasunarekin, aniztasunarekin, irisgarritasunarekin, inklusioarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ekimenen bitartez. Informazioko, sentsibilizazioko eta zaintzarako puntua, En Vivo jaialdiak esperientzia seguruagoa, inklusiboagoa eta arduratsuagoa izateko duen borondatea indartzearren. Aurtengo edizioan, gainera, jaialdiak Nafarroako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordearen (La Comi) lankidetza izan zuen. Erakundea jaialdiaren eremuan egon zen DISFRUTATUFEST ekimenaren bidez: informazio- eta heziketa-gune bat, informazioa, prebentzio-materialak eta aholkularitza eskaintzen zituena, espazio seguru, hurbil eta epairik gabe batean. 

8. Ekitaldi Publiko Jasangarriaren aitortza

EN VIVO jaialdiak jasangarritasunarekin hartua duen konpromisoak bultzada garrantzitsua jaso du aurten, Ekitaldi Publiko Jasangarriaren bereizgarria lortu baitu. Bereizgarri horren bitartez, kultura-eredu arduratsuago bat, lurraldearekin eta bertako komunitatearen beharrekin bat datorren kultura-eredu bat sustatzeko egindako lana aitortzen da. 

9. EN VIVO posible egiten duen laguntza-sarea

Jaialdiaren atzean proiektua gauzatzen laguntzen duen lankidetza-sare zabala dago. Iruñeko Udalaren, LABORAL Kutxaren, Cerveza El Águila etxearen eta gainerako babesle eta erakundeen laguntza ezinbestekoa da ekimen hau indartzen jarraitzeko, hiriarekin, hiriko kultura-sarearekin eta bizitza sozialarekin loturik. 

10. Eskerrik asko! Eskerrik asko hau guztia posible egiteagatik

En Vivo jaialditik mila esker aunitz publikoari, energia biziz eta errespetuz Ziudadela bere egin duelako asteburu osoan. Datorren urteari begira esan dio agur jaialdiak aurtengo edizioari, Iruñeko bihotz-bihotzean zuzeneko musikaren topagune gero eta garrantzitsuago izateko borondatearekin. 2027an ikusiko dugu elkar!

Festival EN VIVO
@envivofestival
#envivofestival

Suscríbete a nuestra newsletter

Eman izena gure Newsletter-ean