Ostiral eta larunbat honetan Ziudadelan arituko dira ETS, Nil Moliner, La M.O.D.A. eta Sidonie, besteak beste
En Vivo 2026rako atzera-kontaketa abian da dagoeneko. Jaialdiaren aurtengo edizioa ostiral eta larunbat honetan izanen da, ekainaren 5ean eta 6an, Iruñeko Ziudadelan. Gaur izan da aurkezpen ofiziala Kondestablearen jauregian, erakundeen, babesleen eta antolatzaileen ordezkariak bildu diren prentsaurreko batean. Jaialdiaren antolakuntzak esker ona adierazi die, bereziki, Iruñeko Udalari, LABORAL Kutxari, Cerveza El Águila etxeari, baita ekitaldi hau antolatzeko ezinbestekoak diren gainerako babesle eta laguntzaileei ere.
En Vivo jaialdiaren 2026ko edizioak ekimenaren kokalekua Ziudadelan behin betiko finkatzea ekarriko du, hiriaren bihotz-bihotzean kokatutako eremu historiko erreferentea kulturagune eta topagune izanen baita bi egunez, Iruñeko uda-sasoiari hasiera emanen dion musika- eta kultura-proposamenarekin.
Ostiral honetan, ekainak 5, 18:30ean irekiko dira ateak, egun Estatuan dagoen talde sendoenetako bat izanik kartelburu: La M.O.D.A., kontzertu bakoitza ospakizun kolektibo bihurtzeko gai den banda. Egun horretan arituko dira, halaber, León Benavente, rock alternatibo garaikidearen erreferenteak; Sidonie, Estatuko pop musikan ezinbesteko taldeetako bat; Jumelage, rumba, flamenkoa eta euskal sustraiak nahastuta; eta Virginia Saintten DJ seta, kontzertu batetik besterako tarteak beteko dituena musika elektronikoaren eta pop alternatiboaren ildotik.
Bigarren egunean (larunbata, ekainak 6), ateak 16:00etan irekiko dira, arratsaldetik gaueko ordu txikiak arte gozatzeko pentsatutako programazio luzeagoarekin. Egunari ETS (En Tol Sarmiento) taldeak emanen dio amaiera, Estatuan barrena egin duten bira arrakastatsuaren ondotik Euskal Herrian eskainiko duten lehen kontzertua En Vivo jaialdian izanik; zalantzarik gabe, arabarrak une honetako musika-fenomeno handienetako bat direla esan daiteke. Aurretik, Ziudadelan arituko dira Nil Moliner, Estatuko pop artista ezagunenetako bat; Janus Lester, euskal eszena berriko ahots berezienetako bat; Süne, tradizioa soinu garaikideekin uztartzeko bide berriak arakatzen; Lisasinsonen pop-punka; Mon Dvy nafar ekoizlea; eta Sara Goxuaren DJ setak, Afrikatik datozen soinuak, soinu latinoak eta clubeko elektronika nahastuta.
BALORE jasangarritasuneko, zaintzako eta entzuteko gunea ere izanen da En Vivo jaialdian, gizartearen eta ingurumenaren arloetan ekimenak hartutako konpromisoen adierazgarri, lurraldearekin konektatuta. Proiektuaren barnean, hainbat arretagune eta informazio-puntu jarriko dira hainbat arlotako jardunbide egokien berri emateko: ingurumena, berdintasuna eta indarkeria sexisten prebentzioa, LGTBI aniztasuna, irisgarritasuna, inklusioa eta tokiko eragileekiko lankidetza; horrela, bada, jasangarritasuna ekintza zehatz eta erabilgarrietan gauzatuta ikusiko du publikoak.
Ildo horri jarraikiz, En Vivo jaialdiak bat egin du Iruñeko Udalak bultzatutako festaguneetan eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan eraso sexistei aurrea hartzeko eta haietan arta emateko Protokoloarekin, aisialdi-eredu seguruagoa, berdintasunezkoagoa eta erantzunkideagoa sustatzearren. Atxikimendu horrek berretsi egiten du Last Tour konpainiak politika publikoekin, lehentasun sozialekin eta herrietako bizikidetza-esparruekin bat datozen jaialdiak antolatzeko hartua duen konpromisoa, zuzeneko emanaldiak ospakizunetarako, elkarbizitzarako eta zaintzarako espaziotzat ulertuta.
Eguneko sarrerak eta asteburuko bonuak salgai daude oraindik
EN VIVO jaialdia
2026ko ekainak 5 eta 6
Ziudadela, Iruñea
@envivojaialdia #envivojaialdia
EKAINAK 5 OSTIRALA
18:30 Ateak ireki
18:30 VIRGINIA SAINTT
19:15 JUMELAGE
20:00 VIRGINIA SAINTT
20:15 LEÓN BENAVENTE
21:30 VIRGINIA SAINTT
22:15 SIDONIE
23:30 VIRGINIA SAINTT
0:15 LA M.O.D.A.
EKAINAK 6 LARUNBATA
16:00 Ateak ireki
16:00 SARA GOXUA
16:30 MON DVY
17:10 SARA GOXUA
17:35 LISASINSON
18:15 SARA GOXUA
18:45 SÜNE
19:45 SARA GOXUA
20:15 JANUS LESTER
21:15 SARA GOXUA
22:00 NIL MOLINER
23:15 SARA GOXUA
00:00 ETS
Eguneko sarreren salmenta orokorra: 45€ + kud. gas.
Asteburuko bonua: 75€ + kud. gas.